Donostia

Donostia itsasora irekita dagoen hiria da; Igeldo, Urgull eta Ulia mendiek babesten dutena

Donostia Gipuzkoako hiriburu administratiboa da, eta, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten hiru lurraldeetako batean dago. Iberiar Penintsularen ipar-ekialdean dago, Frantziarekiko mugatik 30 kilometrora.

Donostia hiri ertaina da, eta 185.000 biztanle ditu gutxi gorabehera. Hirugarren sektoreko hiria da, turistikoa, nabarmenki komertziala, eta zerbitzuetara eta kongresuetara bideratua. Azken urteotan, Donostia zientziari, teknologiari, garapen iraunkorrari eta kulturari osoko laguntza emanda garatzen diren Europako hirien abangoardian kokatu da. 2016ko Europako Kultur Hiriburu izendatu izanak hiriaren apustu irmo hori berresten du.

Donostia hiri ezin hobea da batetik bestera oinez ibiltzeko. Izan ere, hiri-banaketa ordenatua du eta, bertan, distantziak laburrak dira. Gainera, oinezkoentzako gune zabalak, bidegorriak eta pasealeku ederrak ditu, kosta-lerro osoan barrena, hiria mutur batetik bestera zeharkatzen dutenak.

Informazio praktikoa

Moneta: Euroa, Europar Batasun osoan erabiltzen den dibisa.

Hizkuntza ofizialak: Euskara eta gaztelania.

Klima: Epela: tenperatura eztiak, hezetasun handia, hodeiak oso maiz eta euri ugari urte osoan zehar. Hilabeterik hotzena urtarrila izaten da beti eta batez besteko tenperatura 7,9 ºC izaten da garai horretan. Aldiz, hilabeterik beroena abuztua izan ohi da eta, orduan, batez besteko tenperatura 20 ºC-ren ingurukoa izaten da.

Donostiaren azalera: 60.9KM

Hurbil dituen hiriak: Bilbo (102 km), Gasteiz (100 km), Biarritz (50 km), Iruñea (82 km), Madril (451 km),
Bartzelona (565 km).

NOLA IRITSI

Bere kokapen estrategikoari eta dauzkan azpiegitura ugariei esker, oso erraza da Donostiara iristea, oso lotura ona baitu munduko gainerako tokiekin.

HEGAZKINEZ

Donostiak 5 aireportu ditu 100 bat kilometroko itzulinguruan, eta horietako 3 nazioartekoak dira.
Donostiak aireportu bat du hirigunetik 20 minutura, Espainiako hiri nagusiekin —Madrilekin eta Bartzelonarekin— lotzen duena.

100 kilometrora, Bilboko aireportua dago, Europa osoarekiko lotura duena. Eta 40 kilometrora Biarritzekoa; han, Frantziako eta nazioarteko konpainiek jarduten dute, baita low-cost konpainiek ere.

Donostiako aireportua (EAS) 20 km
Bilboko aireportua (BIO) 105 km
Biarritzeko aireportua (BIQ) 40 km
Iruñeko aireportua (PNA) 90 km
Gasteizko aireportua (VIT) 120 km

TRENEZ

Donostiako geltokia hiri erdi-erdian dago. Norteko geltokia esaten zaio eta Espainiako hiri askorekin du lotura, besteak beste Madrilekin eta Bartzelonarekin. Nazioarteko helmugak ere baditu, hala nola Paris eta Lisboa.
Hiriak, gainera, Eusko Tren du. Trenbide estuko sare bat da, Donostia Bilborekin eta Euskal Kostaldeko hainbat hirirekin —Zarautzekin, esaterako— lotzen duena; Frantziarekin (Hendaia) lotzen duen linea bat ere badu, “topo” izenaz ezagutzen dena.

AUTOBUSEZ

Donostiako autobus-geltokiak gure hiria estatu osoko eta Europako hainbat herrialdetako beste hiri batzuekin lotzen du.

AUTOZ

Oso erraza da Donostiara autoz iristea. Hiria estatuko gainerako tokiekin eta Frantziarekin lotuta dago hainbat errepideren bidez: N-1 errepide nazionalaren bidez (Madril-Irun), AP-8 (Bilbo-Irun) eta A-63 (Paris-Irun) autopisten bidez eta A-15 autobidearen bidez (Iruñea-Donostia).
Donostiara iritsitakoan, 6.000 aparkaleku-plaza baino gehiago izango dituzu erabilgarri hiriko hainbat tokitan banatuak.

AUTOKARABANAZ

Karabanentzako gaua igarotzeko sistemak nahitaez bete beharreko arau batzuk ditu. Gune horretan aparkatu egin daiteke; ez, ordea, kanpatzea (eguzki-oihala ateratzea da kanpatzea); ezin da mahairik ezta aulkirik ere atera bide publikora; baimenduta dago berdintzeko ziriak eta egonkortzaileak erabiltzea. Inguruan etxebizitzak daudenez, bertako bizilagunei ahalik eta begirunerik handiena erakutsi behar zaieabilizadores.

Donostiak autokarabanentzako zerbitzuetako eta gaua igarotzeko gune bat du:

Helbidea: Berio pasealekua, 12 – Donostia.
Koordenatuak: [43º 18′ 28” N 2º 00′ 51,6” W / X= 580042 m Y= 4795677
Plazak: 44 aparkaleku gutxi gorabehera. Aparkalekuak bereizten dituzten marrak.
Argia eta ur-hargunea: Bai
Zerbitzuak: Doakoak, ura (2 txorrota) eta argia barne. Hondakinak tratatzeko gune ekologikoa.
Baimendutako gehienezko egonaldia: 48 ordu.

Prezioa: Parkingaren erabilera-tarifa hiriko gainerako tokietan ibilgailu guztientzat dagoen TAO sistemaren tarifen antzekoa izango da (TAO esaten zaio txandaka aparkatzea arautzen duen sistemari). Hitzartutako tarifa 6,00 euro da goi-denboraldian eta 4,00 euro urteko gainerako aldietan. Parkingean aparkatzeagatik kobratzea indarrean sartzeke dago, udalbatzak onartu behar baitu. Ordura arte, doan aparka daiteke bertan eta nahikoa da matrikula kontrol-makinan sartzea.

Donostian ez ezik Gipuzkoako beste herri batzuetan ere badaude autokarabanentzako aparkalekuak, hala nola Legazpin, Errenterian eta Zumaian.